Zapoa saltsa berdean txirlekin

23/10/2019

Errezeta: 4 lagunentzat

Denbora: 1 ordu eta 10 minutu

Zailtasuna: Baxua

Rape en salsa verde con almejas

Osagaiak:

  • Sagastume arrandegiko zapo beltz bat, 2,5 kg-koa
  • Txirla fina, 250 g
  • Tipula, 400 g
  • 2 baratxuri-ale
  • Albariño ardo zuria: 200 ml
  • Arrain-salda edo fumeta: 200 ml
  • Gari-irina: 40 g
  • Kaiena-piperrmina: 1 g
  • Oliba-olio birjina estra: 80 ml
  • Perrexil freskoa: 30 g
  • Gatza, gustura

Prestaketa:

  1. Txirlak hogeita hamar minutuz ur gazitan beratzen jarriz hasiko gara, izan dezaketen hondarra bota dezaten. Beti esaten dugu gure txirlak ondo garbituta eta iragazita datozela, eta oso litekeena da hondarrik ez izatea; hala ere, prozesu hau gomendatzen dugu. Ondoren, lapiko handi bat berotzen jarriko dugu litro erdi urekin, olio txorrotada batekin eta tipula laurden zurituarekin. Dena irakiten hasten denean zapoaren burua gehituko dugu eta hamabost minutuz egosiko dugu, ateratzen den aparra kenduz. Denbora hori igarota, iragazi eta gordeko dugu gerorako.
  2. Jarraian, tipulak eta baratxuri-aleak txikituko ditugu, perrexila garbitu eta baso batean guraize batzuekin txikituko dugu. Beste lapiko batean olioa berotuko dugu tipula eta baratxuria potxatzeko, eta pixkanaka perrexil txikitua eta piperrmina ere gehituko ditugu. Tipula nahiko biguna dagoenean, bi koilarakada gari-irin gehituko ditugu eta azkar nahastuko dugu dena, beste bi minutu inguru egosten utziz.
  3. Ardo zuria gehitzeko garaia da; minutu batzuetan lurruntzen utziko dugu. Jarraian, zapoaren buruarekin egindako saldaren zati bat botako dugu, eta gainerakoa gordeko dugu, saltsa gehiegi loditzen bada gehiago gehitu behar izanez gero. Dena hamar minutuz egosiko dugu eta, azkenik, arrain-zatiak eta txirlak gehituko ditugu, dena beste hamar minutuz egosten utziz, zapoa kolorez aldatzen eta egiten doala ikusi arte. Aurretik saltsa dastatuko dugu eta gatz gehiago botako dugu nahi dugun puntua lortu arte.