Zigalak papillotean
21/09/2021
Errezeta: 2 lagunentzat
Denbora: 20 minutu
Zailtasuna: Ertaina

Osagaiak:
- 6 zigala ertain
- 2 azenario txiki edo handi 1
- Kalabazin 1/2
- Tipula more 1
- Piper berde 1/2
- Piper gorri 1/2
- 6/8 leka
- Lima eta limoi birrindura
- Oliba-olio birjina estra
- Soja-saltsa leuna
- Gatza
- Paper begetala edo aluminiozkoa
Prestaketa:
- Barazkiak garbitu eta juliana eran (zerrenda finetan) moztuz hasiko gara. Azenario, piper, tipula eta kalabazin zatiak gutxi gorabehera lodiera berekoak izan daitezen saiatuko gara. Lekak izango dira pixka bat finago moztuko dugun barazki bakarra.
- Zartagin batean bi koilarakada oliba-olio birjina estra jarriko ditugu. Bero dagoenean barazkiak gehituko ditugu, tipula izan ezik, eta gatz pixka bat (gutxi) botako dugu.
- Tipula eta bi koilaratxo soja-saltsa leun gehitzen ditugu. Dena batera salteatuko dugu pare bat minutuz. Barazkiak kurruskariak geratu behar dira.
- Paper begetal bat jarriko dugu labeko plaka baten gainean. Ohe bat egingo dugu barazkiekin, ertzak libre utziz. Haien gainean zigalak jarriko ditugu.
- Limoi eta lima azala birrinduko dugu barazkien eta zigalen gainean, eta oliba-olio birjina estra hari batekin amaituko dugu.
- Paketea beste paper begetal batekin itxiko dugu gainean, goiko eta beheko paperaren ertzak tolestuz; ondo itxita geratu behar da. Klip metaliko batzuekin lagun gaitezke (inoiz ez koloretako plastikoz estalitakoak edo margotutakoak).
- Labean egingo dugu, labea bero dagoela, 200 gradutan 10 minutuz.
- Labetik aterako dugu, guraize batzuen laguntzaz kontuz irekiko dugu eta pakete berean zerbitzatuko dugu, tipulin edo perrexil fresko txikitu pixka batekin.








